Noticias

Derio Lagunkoiak fase berri bati ekingo dio diagnostiko parte-hartzaile batekin

  • Derioko Udalak sustatutako ekimen honetan, 14 lagunek prestakuntza, hausnarketa eta lankidetza-prozesu batean parte hartu dute azken hilabeteotan, Derio adineko pertsonentzat gero eta udalerri lagunkoiagoa izan dadin.
Derio Lagunkoia proiektuak urratsak ematen jarraitzen du Derio adineko pertsonentzat gero eta udalerri abegitsuagoa izan dadin. Derioko Udalak sustatutako ekimenak prestakuntzan, hausnarketan eta esperientzien trukean oinarritutako lehen fasea amaitu du, eta irailetik aurrera lan-etapa berri bati ekingo dio, diagnostiko parte-hartzaile bat abiaraziz. Azken hilabeteotan, 14 lagunek osatutako talde batek hainbat prestakuntza eta lankidetza-saiotan parte hartu du. Prozesu horren barruan, hainbat ibilaldi ere egin dituzte udalerrian zehar, Derio beste ikuspegi batetik behatzeko, herriaren indarguneak identifikatzeko eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen alderdiak antzemateko. Taldeak beste udalerri batzuetan garatutako esperientziak ezagutzeko aukera ere izan du. Testuinguru horretan, Derio Lagunkoia taldeko ordezkaritza batek Lekeitio Lagunkoia taldea bisitatu zuen joan den ekainaren 25ean, bertatik bertara ezagutzeko taldearen ibilbidea, azken urteotan garatutako ekimenak eta adineko pertsonek komunitate lagunkoiagoak eraikitzeko betetzen duten zeregina. Era berean, ibilbide honetan Derio Lagunkoiak Bizkaiko Foru Aldundiko talde eragilearen babesa eta laguntza izan ditu, eta zahartze aktiboarekin eta herritarren parte-hartzearekin lotutako hainbat baliabide eta esperientzia ezagutzeko aukera izan du. Esther Apraiz Derioko alkateak bereziki azpimarratu du parte-hartzaileen inplikazioa: “Derio Lagunkoia gure herria egunero bizi eta ezagutzen duten pertsonei entzunez eraiki nahi dugun proiektua da. Adineko pertsonen esperientzia eta parte-hartzea funtsezkoak dira beharrak identifikatzeko, dagoeneko ondo funtzionatzen duena aitortu eta balioan jartzeko, eta guztion artean Derio irisgarriago, inklusiboago eta pertsona guztientzat lagunkoiago baterantz aurrera egiteko”.

Fase berria irailetik aurrera

Hurrengo urratsa diagnostiko parte-hartzaile bat egitea izango da, udalerriaren errealitatea adineko pertsonen ikuspegitik xehetasun handiagoz ezagutzeko. Lan hori abiapuntu izango da beharrak, aukerak eta jarduera-ildo posibleak identifikatzeko eta, herritarren parte-hartzearekin, Derio gero eta lagunkoiago baterantz aurrera egiteko ibilbide-orria eraikitzen jarraitzeko. Adineko pertsonen ongizatearen, autonomiaren eta parte-hartzearen aldeko apustuak jarraipena izango du, halaber, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta. Derion urriaren 1ean ospatuko da eguna, Puro Relajo taldearen kontzertuarekin eta luntx batekin Nagusien Etxean. Horrez gain, aurreko egunetan hainbat prestakuntza-proposamen eskainiko dira. Horien artean, irailaren 29an eta 30ean Expertclick doako ikastaroa egingo da, 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta. Prestakuntzaren helburua da mugikorra edo tableta segurtasun eta konfiantza handiagoz erabiltzen ikastea, baita eguneroko kudeaketa eta baliabide digitaletan errazago moldatzea ere. Izen-ematea Nagusien Etxean egin ahal izango da irailaren 15ean eta 18an.

Erlazionatutako albisteak

Ideiak biltzeko faseak aurreko edizioko datuak gainditu ditu, eta Aurrekontu Partehartzaileen prozesuak herritarren artean pizten duen interesa sendotu da. Kirolarekin, mugikortasunarekin, parkeekin eta zerbitzu publikoen hobekuntzarekin lotutako ekimenek biltzen dituzte […]

Ekainaren 10etik 26ra, 7 urtetik gorako derioztarrek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute 2027ko udal kontuak osatzeko helburuarekin. Udalak 120.000 euro gorde ditu ekimen honetarako, herritarrek udalerria hobetzeko egiten dituzten […]

Derioztarrek ekainaren 1era arte izango dute parte hartzeko aukera, Udalak prestatutako formulario honen bidez: https://www.derio.eus/herritarrentzako-inkesta Derioko Udalak herritarrentzako inkesta bat jarri du abian ELoGE (European Label of Governance Excellence) Europako […]

Scroll to Top
Skip to content