- Lehen fase honetan, kiroldegiko sarbide-eremua eraldatuko da: atondoa handitu eta berrituko da, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetuko dira, espazio berriak sortuko dira eta instalazioak zein kanpoaldeko ingurunea berrituko dira.
- Interesa duten enpresek irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak, eta obrak esleitu ondoren, lanak egiteko 36 asteko epea izango da.
Derioko Udalak lizitaziora atera du udal kiroldegia berritu eta handitzeko proiektuaren lehen fasea. Datozen urteotan udalerrian gauzatuko diren jarduketa estrategiko nagusietako bat da. Lehen fase honen lizitazio-aurrekontua 1.979.404,96 eurokoa da, BEZik gabe, eta interesa duten enpresek irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak. Obrak esleitu ondoren, lanak egiteko 36 asteko epea aurreikusi da.
Lehen fase honetan, batez ere, kiroldegiko sarrera-eremua berritu eta handituko da. Helburua da espazioa erabilgarriagoa eta irisgarriagoa izatea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta eraikinaren irudia eguneratzea. Horrez gain, sarrera, joan-etorrietarako guneak eta arreta-espazioak gaur egungo erabiltzaileen beharretara egokituko dira.
Aurreikusitako lanen artean daude atondo nagusia eta hari lotutako pasabideak erabat berritu eta handitzea; komunak, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea; gune tekniko eta administratiboak lekuz aldatzea; eta wifi gune berri bat eta atseden hartzeko espazio bat sortzea.
Era berean, espazio berriak egokituko dira, egitura berriak egingo dira eta beharrezko egitura-indargarriak jarriko dira. Fatxadak, kanpoko arotzeria, estalkiak, iragazgaizteak, zoladurak, estaldurak, sabaiak eta barruko akaberak ere berrituko dira.
Era berean, obrek eragindako elektrizitate, saneamendu, ur-hornidura, argiztapen eta klimatizazio instalazioak berritu eta egokituko dira, eta altzari zein ekipamendu berriak jarriko dira. Esku-hartzea sarrera nagusiaren kanpoaldera ere zabalduko da, eta bertan eraikinaren energia-eraginkortasuna indartzeko eta inguratzailea hobetzeko lanak egingo dira.
Derioko alkate Esther Apraizek urrats honen garrantzia azpimarratu du: “Lizitazio honekin, azken urteotan Deriok martxan jarritako proiekturik handienetako bati emango diogu hasiera. Lehen urratsa emango dugu gure kiroldegia eraldatzeko eta udalerriari instalazio modernoagoak, irisgarriagoak, funtzionalagoak eta herritarren egungo zein etorkizuneko beharretara egokituagoak eskaintzeko. Deriorentzat oso jarduketa garrantzitsua da, bai duen tamainagatik, bai erabiltzaileek eurek helarazi diguten eskaera bati erantzuten diolako”.
Apraizek gogorarazi du, halaber, obra hau kirol-instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko Udalak egindako apustu zabalago baten barruan kokatzen dela: “Deriok kalitatezko kirol-azpiegiturak izaten jarraitzea nahi dugu, eta kiroldegia gure udalerriarekin batera garatzea. Lehen fase honekin hasiko da eraldaketa hori, eta pixkanaka garatuko dugu, lanek instalazioen eguneroko jardueran izan dezaketen eragina, ahal den neurrian, ahalik eta txikiena izan dadin”.
Hiru fasetan garatuko den eraldaketa-proiektua
Udal kiroldegia berritu eta handitzea Derioko Kirolaren 2025-2028 Plan Estrategikoan jasotako proiektu nagusietako bat da. Gainera, Udalak azken urteotan egindako parte-hartze prozesuetan herritarrek behin eta berriz egindako eskaeretako bati erantzuten dio.
Egungo kiroldegiak 32 urte baino gehiago ditu, eta hura eraldatzeko lanak hiru fase nagusitan egitea aurreikusi da, instalazioaren eremu desberdinak kontuan hartuta eta, ahal den neurrian, obrak kiroldegiaren ohiko jarduerarekin bateragarri egiteko.
Sarrera-eremuko lehen esku-hartze honen ondoren, bigarren fasean lurreko eremuan egingo dira lanak. Besteak beste, eskola-taldeentzako aldagela berriak egingo dira; abonatuen aldagelak hobetuko dira; muskulazio-gela eta TRX gunea handituko dira; erabilera anitzeko gela berriak sortuko dira; eta talde-jardueretarako gelak hobetuko dira. Era berean, segurtasuna eta irisgarritasuna indartzeko hainbat hobekuntza egingo dira.
Hirugarren fasea ur eremura bideratuko da, eta, besteak beste, aldagelak handitu eta hobetuko dira, eskola-taldeentzako gune berri bat sortuko da eta aldagela irisgarria hobetuko da.
Proiektu honekin, Derioko Udalak udal kirol-azpiegiturak modernizatzeko bidean aurrera egiten jarraitzen du. Lan-ildo horren barruan, Deriok 5 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu 2019 eta 2025 artean, besteak beste, kiroldegian bertan, udako igerilekuetan, futbol-zelaian eta udalerriko hainbat kirol-eremutan egindako jarduketetan.