Noticias

Deriok udal zergak eta tasak izoztuko ditu 2027an, eta turismo-zerga berria ezarriko du

  • Urriko osoko bilkuran, Udalak datorren urterako zergak eta tasak ez igotzea onartu du. Horrez gain, 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean egonaldi turistikoen gaineko zerga berria.

Derioko Udalak 2027rako udal zergak eta tasak izoztea onartu du atzo izandako osoko bilkuran. Horien artean daude Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ), baita udal zerbitzuekin lotutako hainbat tasa ere, hala nola hondakinen bilketari eta estolderiari dagozkienak. Era berean, bere horretan mantenduko dira DUKeko (Derioko Udal Kiroldegia), udal txokoko eta jantoki-zerbitzuko tasak.

Bestalde, indarrean jarraituko dute gaur egun dauden hobari eta salbuespen fiskalek. Horien artean daude desgaitasuna duten pertsonei ibilgailuen gaineko zergan aplikatzen zaizkien salbuespenak, ibilgailu elektrikoentzako eta ECO ibilgailuentzako deskontuak, energia-eraginkortasunarekin eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako hobariak, eta familia ugarientzako OHZren hobariak.

Udal zerbitzuak eskaintzeko eta mantentzeko kostuak handitzen ari diren testuinguruan hartu da zergak eta tasak izozteko erabakia. Hala, 2027rako ordenantza fiskalek indarrean dauden zerga-tasak eta tarifak mantenduko dituzte, prezioen bilakaeraren araberako igoera orokorrik aplikatu gabe.

Egonaldi turistikoen gaineko zerga berria

Osoko bilkuran, halaber, egonaldi turistikoen gaineko zerga berriaren udal tarifak onartu dira. Zerga hori Bizkaiko 3/2026 Foru Arauak arautzen du, eta 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Ostatu turistikoetan gaua igarotzen duten pertsonei aplikatuko zaie, eta zenbatekoa ostatu motaren eta kategoriaren araberakoa izango da.

Derion, tarifak honako hauek izango dira, pertsonako eta gaueko: bost izarreko hoteletan, 5,50 euro; lau izarrekoetan, 4,50 euro; hiru izarrekoetan, 2,50 euro; bi izarrekoetan, 1,75 euro; eta izar bakarrekoetan, 1,25 euro. Apartamentu turistikoetan 3,50 euroko tarifa aplikatuko da, eta erabilera turistikoko etxebizitzetan, 6,50 eurokoa. Landa-etxeetan 1,25 eurokoa izango da tarifa, eta nekazaritza-turismoko ostatuetan, 0,88 eurokoa.

Araudiaren arabera, pertsona bakoitzari gehienez sei gau zergapetuko zaizkio ostatu berean jarraian egiten duen egonaldi bakoitzeko. Horrez gain, araudiak hainbat salbuespen ere aurreikusten ditu (desgaitasuna duten pertsonak, adingabeak, osasun arrazoiengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik).

Deriok egun bost hotel ditu, Uribe eskualdeko udalerrien artean gehien dituen herria izanik. Horiez gain, erabilera turistikoko sei etxebizitza eta landa-etxe bat ere badaude udalerrian, Nekaturrek egindako azterketan jasotako Euskadiko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroko (REATE) datuen arabera.

Guztira, 576 ostatu-plaza turistiko daude Derion. Horrek esan nahi du turismo-intentsitatea % 7,90ekoa dela, udalerriko biztanleria kontuan hartuta (7.294 biztanle).

Erlazionatutako albisteak

Derioko Udalak jakinarazi du 2026ko Enplegu Planaren barruan bi lan-eskaintza ireki direla: Zerbitzu-langilea (zaintzailea/atezaina) – kodea: 162026012203. Herri-lanetako peoia – kodea: 162026012242. Eskaintzak Lanbideren bidez kudeatuko dira, eta interesa duten […]

Hurrengo saioak hiru gai-multzoren inguruan antolatuko dira: kirola, kultura eta aisialdia; hirigintza, mugikortasuna eta ingurumena; eta adin guztietako pertsonen ongizatea. Lehen hitzorduak urriaren 27an eta 29an izango dira. Derioko Udalak […]

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen aldeko mozioa, uztailaren 21eko osoko bilkuran onartua, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta EHBILDUren kontrakoarekin.

Zerbitzua erabiltzeko, hitzordua eskatu behar da Kultur Birikan (azken eguna maiatzaren 22an), aurrez aurre edota telefono bidez (944 659 714) Datorren maiatzaren 28an, Deriok Estatuko Administrazio Orokorrak bultzatutako Nortasun Agiria […]

Scroll to Top
Skip to content