Noticias

Derioko Udalak gazteei etxebizitza eskuratzea errazteko apustua indartu du, alokairurako laguntzen deialdi berri baten bidez

  • Udalak 20.000 euro bideratu ditu gazteentzako alokairurako laguntzen deialdi berrira. Laguntzek alokairu-errentaren % 50a estali ahal izango dute, hilean gehienez 300 euro. Legegintzaldi honetan, Udalak ia 20.000 euro eman ditu dagoeneko gazteen emantzipazioa errazteko laguntzetan.
  • Eskaerak 2026ko irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, telematikoki Derioko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ).

Derioko Udalak irailaren 30era arte zabalik du udalerrian erroldatuta dauden 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako etxebizitzaren alokairurako udal laguntzak eskatzeko epea. Ekimen honen bidez, Udalak gazteen emantzipazioa erraztu eta etxebizitza eskuratzeak dakarren ahalegin ekonomikoa arintzen lagundu nahi du.

Deialdiak 20.000 euroko aurrekontua du, eta 2025ean Derion ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako errentak diruz laguntzea du helburu. Laguntzak alokairu-errentaren % 50a estali ahal izango du gehienez, kontratu bakoitzeko hilean gehienez 300 euroko mugarekin. Ezarritako baldintzen artean dago, halaber, 2025ean pertsonako 30.000 euroko diru-sarrerak ez gainditzea.

Esther Apraiz Derioko alkateak nabarmendu du laguntza-lerro honek herritarren artean oso presente dagoen kezka bati erantzuten diola: “Etxebizitza eskuratzea gizarte gisa aurrean ditugun erronka handienetako bat da, eta bereziki eragiten die gazteei. Udaletik gure esku dauden tresnak baliatu nahi ditugu emantzipatzeko, beren bizi-proiektua garatzeko eta, hala nahi badute, etorkizuna Derion eraikitzen jarraitzeko aukera izan dezaten”.

Ia 20.000 euro eman dira legegintzaldian

Legegintzaldiaren azken txanpan, Udalak ekimen honek orain arte egindako ibilbidea ere balioan jarri nahi du. 2024an hiru laguntza eman ziren, guztira 8.550 euroko zenbatekoarekin, 2023ko alokairu-gastuei aurre egiteko. Urtebete geroago, 2025ean bost laguntza eman ziren, guztira 10.509 euro, 2024ko alokairu-gastuei zegozkienak. Horrela, ebatzitako bi deialdietan zortzi pertsona izan dira onuradun, eta Udalak guztira 19.059 euro eman ditu laguntzetan.

“Datu horiek sendotzen jarraitu nahi dugun lan-ildo baten emaitza dira. Etxebizitzak zuzenean baldintzatzen ditu emantzipazioa, egonkortasuna edo bizi-proiektu bat garatzeko aukera bezalako funtsezko aspektuak. Horregatik, administraziook ahaleginak batu behar ditugu aukera gehiago eskaintzeko”, adierazi du Apraizek.

Deialdi hau, gainera, etxebizitza prezio eskuragarrietan lortzeko aukerak handitzeko eta Derion errotzea sustatzeko Udalak garatzen duen estrategia zabalago baten barruan kokatzen da. Ildo horretan, Udalak legegintzaldi honetan Aldekone Goikoan, Jardinetxe Plazan, alokairu eskuragarriko babes ofizialeko 88 etxebizitzako sustapena ere bultzatu du. Sustapenak logela bateko 24 etxebizitza eta bi logelako 64 etxebizitza izango ditu; azken horietatik lau egokituak izango dira.

Bi jarduketek helburu bera dute: udalerrian etxebizitza bat eskuratzeko aukerak zabaltzea, bereziki gazteei eta merkatu libreko prezioei aurre egiteko zailtasun handienak dituzten pertsonei begira. “Pertsonek Derion geratzeko, bizitzeko eta beren etorkizuna hemen eraikitzeko benetako aukerak izatea nahi dugu. Etxebizitza eskuratzea erraztea herrian errotzea, ongizatea eta gizarte-kohesioa indartzea ere bada”, amaitu du alkateak.

Alokairurako laguntzen eskaerak 2026ko irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, telematikoki Derioko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Laguntzak eskaerak aurkezten diren hurrenkeraren arabera emango dira, betiere behar bezala beteta badaude eta espedientea osorik badago, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Erlazionatutako albisteak

Interesa duten pertsonek 2026ko ekainaren 1etik 29ra bitartean eman ahal izango dute izena Etxebideren bidez, bi egunak barne: https://labur.eus/mvrk8ahy Sustapen honek etxebizitzarako sarbidea errazteko eta udalerrian errotzea bultzatzeko Udalaren apustua […]

Derioko Udalak sukaldaritza ikastaro bat antolatu du 18 urtetik gorakoentzat. Maiatzaren 28tik ekainaren 18ra bitartean egingo da. Bertan, udako zaporeez gozatzeko errezetak egingo dira, eskuz eta modu naturalean eta orekatuan. […]

Uda datorrenez, Derioko Udalak sukaldaritzari lotutako programa bat eskainiko die etxeko txikienei: hiru tailer izango dira, hondartzan, mendian edo kanpaldian gozatzeko errezetak izango dituena, kanpaldien izaera sartzeko mokadu bakoitzean.   […]

Deriok “Ume merkatariak” ekimena bultzatuko du umeek merkataritza-lanak egin ditzaten herriko saltokietan Derioko udalerriak, laster, “Ume merkatariak” ekimena egingo du. Ekimen horren bidez, hain zuzen, umeek egun batez merkatari izateko […]

Scroll to Top
Skip to content