- Udalak erabat berritu ditu Herriko Plazaren ekialdeko alboa eta tren-geltokirako oinezkoentzako sarbidea, udalerriko espazio jendetsuenetako bat, irisgarritasuna, funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuz.
- Jarduerak, 629.200 euroko inbertsioarekin, haurrentzako gune berri bat, adinekoentzako ariketa-gune bat eta Mungialde etorbidean zehar Landa kalearekin lotzen duen bidegorri bat hartzen ditu.
Deriok albiste on batekin eman dio hasiera, erdiguneko eremu baten eraldaketa esanguratsu batekin, alegia. Derioko Udalak amaitu berri ditu Herriko Plazaren ekialdeko alboaren eta tren geltokirako oinezkoen sarbidearen birgaitze-lanak; 2023-2027 Legealdiko Planaren eta “Derio 2030” estrategiaren baitan kokatzen den proiektua da.
Esku-hartze honek lehen egoera kaskarrean zegoen ingurune baten eraberritze osoa ekarri du, eremu hori funtzionalagoa, irisgarriagoa eta erakargarriagoa bihurtzeko helburuarekin. Hobekuntza nagusien artean daude oinezkoen joan-etorrien berrantolaketa, oztopo arkitektonikoen ezabaketa, berdeguneak eta elkarbizitzarako guneak txertatzea, eta argiteriaren erabateko berritzea, horrela espazioaren segurtasuna eta erosotasuna hobetuz.
Horrez gain, haurrentzako gunea lekuz aldatu eta berriztatu da, eta aire libreko ariketa-gune berri bat sortu da adinekoei bereziki zuzenduta, zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko. Hiri-berroneratze honen guztizko inbertsioa 629.200 eurokoa izan da.
Jarduketa horren osagarri, Derioko Udalak laster amaituko ditu Mungialde etorbidean zehar Herriko Plaza eta Landa kalea lotuko dituen bidegorri berriaren obrak. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide partekatu gisa diseinatutako azpiegitura berri horrek bizikletentzako errei esklusiboak eta oinez dabilenentzako espazio berriak ditu, eta lotura erraztuko du bai tren-geltokiarekin, bai Bizipark-arekin, bai udalerriaren iparralde zonaldeko bidegorri-sarearekin.
Bi jarduketak batuta, Herriko Plaza eta haren ingurunea nodo intermodal moderno, irisgarri eta jasangarri gisa sendotu dira, Derioko Udalak hiri-eredu inklusibo batekin eta ingurunea errespetatzen duen mugikortasun osasungarriagoarekin duen konpromisoa indartuz.
Esther Apraiz Derioko alkateak oso balorazio positiboa egin du lan hauen amaieraz. “Derio bizigarriago eta atseginago baterantz aurrera egiten jarraitzen dugu, pertsona guztientzat pentsatutako udalerri baterantz. Horrelako jarduerekin, gure herritarren bizi-kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, mugikortasun jasangarriaren alde egiten dugu. Derioztarrei zein lanagatik, ikasketengatik edo beste arrazoi batzuengatik egunero bisitatzen gaituzten pertsonei konexio hobeak eskaintzen dizkiegu”, adierazi du alkateak.
