- 65.098 euroko aurrekontuarekin, jarduketak hornidura, instalazioa, martxan jartzea eta hiru urteko mantentzea barne hartuko ditu.
- Udalerriko laugarren komun publikoa izango da, Aldekonen eta Uribe zein Errekalde parkeetan dagoeneko instalatutakoen ondoren.
Derioko Udalak komun publiko autogarbigarri eta irisgarri berri bat jarriko du Herriko Plazan, udalerriko erabilera handieneko guneetako batean herritarrei eta bisitariei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzen jarraitzeko. Azpiegitura berriak, BiziParkaren eta Euskotreneko sarreraren artean kokatuko denak, irisgarritasun unibertsala bermatuko du, eta espazio publiko moderno, higieniko eta segurua eskainiko du pertsona guztientzat. Jarduketak komunaren hornidura, instalazioa, martxan jartzea eta gutxienez hiru urteko mantentze prebentiboa barne hartzen ditu.
Jarduketa honen bidez, Udalak herriko laugarren komun publikoa jarriko du martxan. Lehenengoa Aldekonen jarri zen, eta ordutik hona, azken hiru agintaldietan, agintaldi bakoitzean komun publiko berri bat jartzea bultzatu da: lehenik Uribe parkean, ondoren Errekalde parkean eta orain Herriko Plazan. Horrela, Udalak herritarren eguneroko erabilerako guneetan zerbitzu publikoak hobetzeko ildoari jarraipena ematen dio.
Komun berriak garbiketa eta desinfekzio sistema automatikoa izango du erabilera bakoitzaren ondoren. Sistema horrek komun-ontzia, eserlekua eta zorua garbitu eta desinfektatuko ditu, uneoro higiene-baldintza egokiak bermatzeko. Horrez gain, sarbide automatikoa, egoera adierazteko argizko seinaleak (erabilgarri, okupatuta edo garbiketan), segurtasun-sistemak eta erabilera-denbora mugatzeko aukera izango ditu, erabiltzaileen txandaketa errazteko.
Instalazioa irisgarritasun unibertsalaren indarreko araudia betez diseinatu da, eta mugikortasun urriko pertsonek modu autonomoan eta seguruan erabili ahal izateko beharrezko elementu guztiak izango ditu. Seinale eta informazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira, hurrenkera horretan, eta Braille sistema ere izango dute.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 65.098 eurokoa da (BEZa barne), eta zenbateko horretan sartzen dira aholkularitza teknikoa, komunaren hornidura eta instalazioa, baita hiru urteko mantentze prebentiboa ere. Hornidura eta instalazioa egiteko aurreikusitako epea 20 astekoa izango da.
“Derion uste dugu proiektu onak elkarrizketaren eta adostasunaren bidez eraikitzen direla. Horregatik, udal talde guztiekin elkarlanean aritzen jarraituko dugu, derioztarren bizi-kalitatea hobetuko duten ekimenak aurrera eramateko; izan ere, desberdintasunen gainetik herriaren interes orokorra dago”, adierazi du Esther Apraiz alkateak.
PSE-EE udal taldeak aurkeztutako zuzenketa bati esker gauzatuko den jarduketa honen bidez, Udalak herriko komun publikoen sarea zabaltzen jarraitzen du, zerbitzu publikoen kalitatea hobetuz eta herritarren beharretara egokitutako hiri-gune irisgarriagoak eta inklusiboagoak sustatzen.