Noticias

Martxan dira Herriko Plaza eta Landa Kalearen arteko bidegorri berriaren obrak

  • Jarduketa “Derio Ciclable 2023+” estrategiaren eta 2023-2027 Legealdi Planaren barruan kokatzen da, eta hiri-mugikortasuna eraldatuko du milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioarekin.
Derioko Udalak Mungialde etorbidean zehar Herriko Plaza eta Landa kalea lotuko dituen bidegorri berriaren obrak hasi ditu. Bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbide gisa diseinatutako azpiegitura berri horrek bizikletentzako errei esklusiboak eta oinezkoentzako gune berriak izango ditu, eta, gainera, tren-geltokia zein Biziparka, udalerriaren iparraldean dagoen bizikleta-sarearekin lotuko ditu. Era berean, lehendik dauden bizikleta-bide batzuetako jarraitutasun eta konektibitate gabeziak konponduko dira, seguruagoa eta jasangarriagoa den mugikortasun sarea sendotuz. Obrak 2025eko abendura arte luzatuko dira. Proiektu hau “Derio Ciclable 2023+” udal-estrategiaren barruan kokatzen da, eta 2023-2027 Legegintzaldiko Planaren parte da. Derio 2030 estrategiaren baitan ere aurreikusten da, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lerrokatuta. Jarduera honek 1.070.000 euroko inbertsioa izango du; horietatik 194.100 euro Europako Batasunak finantzatuko ditu –Next Generation EU programaren bidez– Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, Jata Ondo Landa Garapenerako Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Gainerako zenbatekoa udalaren diruzaintza-gerakinarekin ordainduko da. Bidegorri berria Herriko Plaza berritutik abiatuko da, bertan ekialde aldeko alboa eta tren geltokirako sarbidea egokitzeko obrak egiten ari baitira. Eredu intermodala ardatz hartuta, eremu hau espazio modernoagoa eta irisgarriagoa bilakatuko da. 629.200 euroko inbertsioarekin, esku-hartze honi esker umeentzako jolasgunea berrituko da, adinekoentzako ariketa-gune bat ipiniko da, eta irisgarritasuna, argiztapena eta landarediaren integrazioa hobetuko dira inguruan. Esther Apraiz Derioko alkateak jarduera honen balio estrategikoa azpimarratu du: “Bidegorri berri honekin, mugikortasun iraunkorrago baterantz pauso sendoak emateaz gain, intermodalitatea sustatzen dugu, bizikleta-sarea Euskotreneko geltokiarekin eta BiziPark-arekin zuzenean lotzen dugulako. Gure bizilagunek bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzea erraztu nahi dugu, ondo konektatutako azpiegitura seguru eta erosoekin. Derio irisgarriago eta osasuntsuago baten alde lanean jarraitzen dugu, herritar guztien bizi-kalitatea hobetuz “.

Mugikortasun iraunkorrerako eskualde-ikuspegia

Derioko bidegorri berri hau proiektu handiago baten parte da, eskualdeko bizikleta-sarea hobetzeko eta handitzeko planaren barruan kokatua, GR280 eta Flyscharen ibilbidearekin lotzen duena, eskualdeko erakargarritasun turistikoa egituratzen duten ardatzetako bi. Ekimen honek Bakio, Gorliz, Sopela eta Derioko udalerrietan jarduketak aurreikusten ditu, bidexkak eta bideak berreskuratzea eta egokitzea sustatuz, herrien eta baliabide turistiko nagusien arteko lotura errazteko. Proiektuaren helburu nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
  • Garraio-zerbitzu publikoen eskaintza zabaltzea eta hobetzea, herritarrei bizi-kalitate hobea eskainiz eta bisitariei arreta hobea ematen lagunduz.
  • Bizikleta-sareari balioa ematean oinarritutako turismo-produktu jasangarria sortzea.
 

Erlazionatutako albisteak

2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, V16 seinaleztapen-baliza derrigorrezkoa izango da errepidean geldirik dauden ibilgailuentzat. Informazio gehiagorako karteleko QR kodea eskaneatu edo hurrengo estekan egin klik, homologatutako gailuen zerrenda ere kontsulta dezakezu: […]

Derioko Udalak doako tresna digital berri bat jarri du martxan, etxebizitza, eraikin edo lokal bakoitzaren potentzial fotovoltaikoa kontsultatzeko. Web orrialde honek energia eta ekonomia aurrezteko datuak eskaintzen ditu, baita eguzki-panelak […]

Deriok bat egingo du aurten ere Europako Mugikortasunaren Astearekin, garraiobide iraunkorragoak, osasungarriagoak eta inguruarekiko errespetuzkoagoak bultzatu nahi dituen ekimenarekin. Hori dela eta, hainbat jarduera antolatu ditugu herritar guztientzat, familian gozatzeko […]

Scroll to Top
Skip to content