- Prozesuaren lehen fasean jasotako 61 proposamenak aztertu ondoren, hurrengo proposamen hauek hautatu dira: taberna berria futbol-zelaian, petanka eta kanika jolas gunea, boleiboleko kantxa, rokodromoa eta aire zabaleko liburutegia. Udalak 120.000 euro bideratuko ditu boto gehien jasotzen dituzten proiektuak gauzatzeko.
- Botoa emateko epea irailaren 16tik 30era bitartean egongo da zabalik, eta online egin ahal izango da, udalaren webgunean prestatutako online formularioaren bidez, bai eta Kultur Birikan eta Udaleko Gertuan arreta-zerbitzuan fisikoki aurkituko diren inprimakien bidez ere.
2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasean jasotako 61 proposamenen bideragarritasun teknikoak eta ekonomikoak aztertu ondoren, Udalak gaur eman ditu ezagutzera herritarrek bozkatu ahal izango dituzten bost proiektuak. Derion erroldatuta dauden 7 urtetik gorako pertsona guztiek bozkatu ahal izango dute. Emaitzen arabera, eta betiere 120.000 euroko mugaren barruan, gehien bozkatutako proposamenak gauzatuko dira, eta proiektu bat baino gehiago gauzatu ahal izango dira, aurrekontuak horretarako aukera ematen badu.
- TABERNA BERRIA FUTBOL-ZELAIAN: Udal futbol-zelaian espazio sozial bat sortzea, jokalariei eta senideei zerbitzua emateaz gain, entrenamenduetan, partiduetan eta kirol-ekitaldietan auzo-elkargune bihurtzeko.
- PETANKA ETA KANIKA JOLAS GUNEA: Belaunaldien arteko gozamenerako espazio bat jartzea, aisialdi osasungarriko ingurune batean adinekoen, gazteen eta haurren arteko bizikidetza errazten duten jarduera tradizionalak sustatuz.
- BOLEIBOLEKO KANTXA: Udalaren kirol-eskaintza handitzea, boleiboleko kantxa baten bidez, jarduera fisikoa, taldeko praktika eta espazio publikoak kirol alternatiboetarako aprobetxatzea sustatuz.
- ROKODROMOA: Eskalada-eremu bat sortzea, kirol bertikala bultzatzeko, bereziki gazteentzat erakargarria, jarduera fisikoa, norberaren hobekuntza eta hiri-espazioaren erabilera segurua sustatuz.
- AIRE ZABALEKO LIBURUTEGIA: Aire zabaleko kulturgune bat, irakurtzeko eta mailegatzeko guneekin, kultura eta irakurtzeko ohitura herritar guztiengana hurbilduko dituena, ingurune lasai eta irisgarri batean elkartzea erraztuz.
Botoa emateko epea irailaren 16tik 30era bitartean egongo da zabalik. Bozketa online egin ahalko da, https://labur.eus/qe1a7bvo webgunean egongo den formularioaren bitartez, zein fisikoki Kultur Birikan eta udaletxeko Gertuan arreta zerbitzuan utziko diren inprimakiak osatuz. Laguntza behar izanez gero, udal-langileak herritarren zerbitzura egongo dira.
“Eskerrak eman nahi dizkiegu benetan edizio honetan Derio hobetzeko ideiak proposatuz parte hartu duten guztiei. Orain beste pauso bat ematera eta bozkatzera animatzen zaituztegu, zuen iritzia funtsezkoa baita guztion artean nahi dugun herria eraikitzeko”, adierazi du Esther Apraiz alkateak.
