- Derioko Udalak doako tresna digital berri bat jarri du martxan, etxebizitza, eraikin edo lokal bakoitzaren potentzial fotovoltaikoa kontsultatzeko. Web orrialde honek energia eta ekonomia aurrezteko datuak eskaintzen ditu, baita eguzki-panelak instalatzeko aukerari buruzko informazioa ere.
Derio, 2025eko azaroaren 7an. Derioko Udalak Eguzki Mapa Interaktibo berri bat jarri du martxan, https://derio-atlas.urbanimpacte.com webgunean eskura dagoena, udalerriko eguzki-energiaren aprobetxamenduari buruzko informazio argi eta pertsonalizatua eskainiz.
Doako plataforma digital horretan, udalerriko teilatu bakoitzean zenbat eguzki-panel jarri daitezkeen kalkulatu daiteke, bai eta zer onura ekonomiko eta ingurumen-onura izango lituzkeen ere. Helburua da informazio erabilgarria eta ulergarria eskaintzea herritarrei, Derioko bizilagunek modu autonomoan balora dezaten beren etxeetan, komunitateetan edo negozioetan (saltokiak, industria-nabeak, etab.) eguzki-energia instalatzeak konpentsatzen dien ala ez, beti ere, energia-eredu iraunkorrago baten alde egiteko helburuarekin.
Derioko Eguzki Maparen datu orokorrak
- 875 eraikin eta 11.754 higiezin aztertu dira.
- Instalatzeko gehienezko potentzia: 40,3 MWp (69.537 panel arte).
- Gomendatutako potentzia optimoa: 37 MWp (63.747 panel).
- Udalerriko energia-premien % 56,3 bete lezake.
- 10.304 etxebizitzaren urteko kontsumoaren baliokidea den ekoizpena.
- 4.331,3 tona/urteko isuriak aurreztea (landatutako 137.502 zuhaitzen eta 26,7 milioi km autoz saihestearen baliokidea).
- Urtean 6,7 milioi euroko etekin ekonomikoa.
Derion aurreikusitako batez besteko aurrezkia aldatu egiten da erabilera-motaren arabera: bizitegi-eremuan 218 eurokoa da urtean, industria-eremuan 3.580 eurokoa urtean eta hirugarren sektorean 458 eurokoa urtean.
Eguzki-mapa ImpactE enpresak garatu du, teknologia aurreratuarekin eta 3D datuen analisiarekin, potentzial fotovoltaikoaren estimazioa optimizatzeko, orientazioa, itzalak eta oztopoak kontuan hartuta. Funtzionalitate hauek ditu, besteak beste:
- Eraikinaren edo higiezinaren kokapena bilatzaile edo mapa bidez.
- Potentzial maximoaren eta optimoaren kalkulu automatikoa, kontsumo errealaren arabera.
- Panel kopurua, inbertsioaren gutxi gorabeherako kostua, errentagarritasuna eta urteko aurrezkiaren kalkulua.
- Ingurumen-onuren adierazpen bisuala (CO2 gutxitzea).
Testuinguru horretan, Derioko alkatea den Esther Apraizen ustez, “urrats berri honek trantsizio energetikoaren abangoardian jartzen du Derio, herritarrak ahaldunduz informazio argiarekin eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko”. Apraizek adierazi duenez, Udalak herritarrei dei egiten die mapa kontsulta dezaten eta aukera hori azter dezaten jasangarritasunaren esparruak aurrerapausoak emateko, energia-gastuak murrizteko eta Derio berdeago eta buruaskiago baterantz aurrera egiteko.
Beste urrats bat Derioko trantsizio energetikoan
Eguzki Mapa Udalak jasangarritasunarekin, eraginkortasun energetikoarekin eta herritarrek trantsizio ekologikoan parte hartzearekin duen konpromisoaren parte da. Tresna garden eta ulergarri hau eskaintzean, pertsona bakoitzak autokontsumorako urratsa eman dezake eta, horrela, bere aztarna ekologikoa murrizteko aukera izatea errazten da.
Gogoratu behar da ekimen honek bat egiten duela Udalak bere energia-kontsumoa murrizteko abian jarri dituen hainbat ekintzekin. Horietako batzuen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- 144 eguzki-plaka instalatzea Udal Kiroldegiaren estalkian. Instalazio horri esker, 20.000 euro baino gehiago aurrezten dira urtean, eta 32,3 tona CO₂.-en emisioak murrizten dira.
- Udaletxeko teilatuan 30 eguzki-plaka jartzea, kontsumoaren zati handi bat estaliz. Kalkuluen arabera, eraikinaren energia-erabilera % 40 baino gehiago murriztu da, eta urtean 4.000 euro aurrezten dira.
- Udal argiteria publikoa osorik berritzea, argi tradizionalak kontsumo baxuko LED teknologiarekin ordezkatuz. Neurri horri esker, elektrizitate-kontsumoa murriztu da, kaleetako eta espazio publikoetako argiztapena hobetu da, eta emisio kutsatzaileak murriztu dira.
Jarduera horiekin guztiekin, Derio urrats sendoak ari da ematen energia-eredu jasangarriago baterantz, trantsizio ekologikoa erakundeen eta herritarren artean partekatutako erantzukizuna dela erakutsiz.
Eguzki mapa ikusteko esteka: https://derio.transicion-energetica.es/es
