Noticias

Kalistenia gune berria martxan da Ganbe Goikoan

  • Instalazioa 2025eko partaidetza-aurrekontuetan boto gehien jaso zituen proiektuaren emaitza da, Udalak eta Derioko herritarrek bizimodu aktibo eta osasungarriarekin duten konpromisoaren isla.

Derioko Udalak Ganbe Goikoa auzoan kalistenia gune berri bat instalatzeko lanak amaitu ditu. Derioztarren partaidetza-konpromisotik sortutako proiektua da, izan ere, 2025eko aurrekontu parte-hartzaileetako prozesuan bozkarik gehien jaso zuen proposamena izan zen.

Kirol-instalazio berriak 100 metro karratuko azalera du, eta eremu egokia da ariketa ugari egiteko eta indarra, oreka eta koordinazioa garatzeko, malgutasuna hobetzeko, muskuluak indartzeko eta bihotz-biriketako gaitasuna hobetzeko. Espazioak aire zabaleko ariketa fisikoak egiteko hainbat elementu ditu: abdominalen bankua, paralelo baxuak, goraketetarako barrak eta uztaiak, besteak beste. Gainera, esparru osoak segurtasun-zoladura bat du, erabiltzaile guztiei jarduera segurua bermatzeko.

18.053 euroko inbertsioarekin, instalazioa Murbidecor enpresak gauzatu du. Helburua kirola espazio irekietan egiteko aukera gehiago eskaintzea, ohitura osasungarriak sustatzea eta herritarrek adierazitako beharrei zuzenean erantzutea da.

Esther Apraiz Derioko alkatearen hitzetan, “horrelako proiektuek erakusten dute herritarrek proposatzen eta erabakitzen dutenean, Deriok urrats sendoz egiten duela aurrera, udalerri inklusibo, aktibo eta osasungarri baterantz. Derioztarrei beren konpromisoa eskertzen diegu. Beren ideiek guztion egunerokotasuna hobetzen baitute”.

Azpiegitura berri hau kiroldegiaren atzean dagoen kalistenia eremuaren hobekuntzari gehitu behar zaio. Espazio hori ere handitu egingo da. Hala, parte-hartze prozesuan gehien bozkatutako proposamena osatuko da: aire zabalean kirola egiteko baliabideak hobetzea.

Instalazio berri honekin Derioko Udalak herritarren parte-hartze aktiboarekiko eta aisialdi osasungarriaz gozatzera gonbidatzen duten espazioen garapenarekiko konpromisoa berresten du, bizitza aktiboagoa sustatuz.

Erlazionatutako albisteak

Udalak haur eta nerabeen eskubide eta ongizatearekin duen konpromisoak UNICEF bezalako entitate baten errekonozimendu jaso du. Esther Apraiz Derioko alkateak eta Joseba Madariaga UNICEF Euskadiko arduradunak konpromisoa sinatu dute Derio […]

Atari berriak, intuitiboagoa eta modernoagoa, izapideak arin eta eraginkortasunez egiteko aukera emango die herritarrei, Udalak digitalizazioarekin eta herritarren arretarekin duen konpromisoa indartuz: www.derio.eus Derio, 2025eko martxoaren 25ean. Derioko Udalak bere […]

Derioko Udalak kanpoko frontoia hobetzeko lanak amaitu ditu, zolatak zituen arazoak konponduz. Orain arte, urez betetzen zen zorua euria egiten zuenean, erabilera zailduz eta higadura bizkortuz. Egoera hori konpontzeko, asfalto […]

Scroll to Top
Skip to content