Noticias

Eusko Jaurlaritza eta Construcciones Sukia Derion alokairu eskuragarriko 88 etxebizitza babestu berri eraikitzen hasi dira

  • Etxebizitza hauek errenta mugatuak izango dituzte, merkatuko preziotik behera. Orientazio gisa, alokairuaren batez besteko prezioa merkatu libreko alokairuaren prezioaren % 75 ingurukoa izango da Derioko udalerrian eta 21.000 eta 39.000 euro bitarteko urteko dirusarrera haztatuak dituzten pertsonek eskuratu ahal izango dituzte etxebizitza horiek. Obra 2026ko hirugarren hilekoan amaitzea aurreikusten da, eta esleipenak urte horren amaieran hasiko dira.
  • Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azpimarratu duenez, “alokairu eskuragarriaren formula eskariaren batez besteko mailara doa bete-betean, hau da, diru-sarrerak direla-eta etxebizitza sozial bat eskuratzetik kanpo geratzen diren baina merkatu librean etxebizitza bat hipotekatzeko edo erosteko gaitasun ekonomiko nahikoa ez duten pertsonei”
  • Esther Apraiz herriko alkateak aitortu duenez, “gure erantzukizuna, erakunde gisa, gehien behar duten pertsonei laguntzea, erraztea eta babestea da. Eta horixe egiten ari gara”
  • Bestalde, Joseba Cedrún Construcciones Sukiako zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza horri esker, Euskadin etxebizitza babestuen garapenean erreferente gisa finkatu ahal izan da Aldekone”
Eusko Jaurlaritzak, Derioko Udalak, Construcciones Sukiak eta Q-Livingek alokairu eskuragarriko 88 etxebizitza babesturen proiektu berri bat aurkeztu dute gaur goizean, enpresa eraikitzailea Aldekone sektorean egiten ari dena, zehazki, Butroe kaleko 6. zenbakian, Eusko Jaurlaritzak eta Construcciones Sukiak sinatutako hitzarmen bati esker. Obrak hasi berri diren sustapena 2026ko hirugarren hiruhilekorako amaituta egotea aurreikusten da, eta, beraz, urte horren amaieran hasiko dira maizterrentzako esleipenak. Proiektu hau 2022ko urriaren 14ko Aginduaren baitan kokatzen da, diru sarrera ertainak dituzten pertsonentzako alokairu eskuragarria sustatzeko, 50 urteko gutxieneko erabilera konpromisoarekin. Ekimen honek lankidetza publiko-pribatua indartzen du eta Aldekoneren garapen babestuko ereduari jarraipena ematen dio. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok azpimarratu duenez, “alokairu eskuragarriaren formula eskariaren batez besteko mailara doa bete-betean. Hau da, diru-sarrerak direla-eta etxebizitza sozial bat eskuratzetik kanpo geratzen diren baina merkatu librean etxebizitza bat hipotekatzeko edo erosteko gaitasun ekonomiko nahikoa ez duten pertsonei”. Itxasok gaineratu duenez, “Derio alokairuaren prezioak zuzenean eragindako udalerria da, Bilboko metropoli-eremuan baitago”. Horregatik, azpimarratu duenez, “horrelako proiektuak bultzatzeak are zentzu handiagoa du hemen, eta indartu egiten du gaur egun dauden egoitza-premiaren profilei erantzuteko dugun konpromisoa”. Era berean, sailburuak azpimarratu duenez, “alokairu eskuragarriaren formula hori ohikoa da Europako beste leku batzuetan, eta tarteko sektore horientzako eskaintza ere landu behar dugu, hori ez baita soilik klase kalteberenen arazoa”. Itxasoren arabera, “alokairu eskuragarriko etxebizitza babestuen parkea handitzea tresna eraginkorra da etxebizitza duin bat lortzeko zailtasun gehien dituen biztanleriaren tarte horri erantzuteko”. Bestalde, Esther Apraiz Derioko alkateak aitortu duenez, “Udalak urte asko daramatza babestutako etxebizitza gure estrategiaren erdigunean jartzen”. 2014tik, azaldu duenez, Aldekonen 250 etxebizitza baino gehiago sustatu dira, guztiak babestuak, eta 2026rako 379 izango dira guztira. “Hori ez da kasualitatearen emaitza izan. Hainbat eragileren apustu irmoa, etengabea eta ausarta izan da”, adierazi du Apraizek. “Erakunde gisa dugun erantzukizuna da gehien behar duten pertsonei laguntzea, erraztea eta babestea. Eta horixe da egiten ari garena, haztearekin konformatzen ez den Derio bat eraikitzea, zentzuz, justiziaz eta etorkizuneko ikuspegiarekin hazi nahi duena”. Azkenik, Joseba Cedrún Construcciones Sukiako zuzendari nagusiak esker oneko mezua helarazi dio Aldekone sektorearen garapena ahalbidetu duen balio-kate osoari, hasieratik gaur arte. Gainera, bereziki eskertu du “proiektuaren faseetan parte hartu dutenen ahalegin kolektiboa” eta etxebizitza babestuen sektoreak garatzeko gaur egun dauden zailtasunak azpimarratu ditu, “eraikuntza-kostuak handitu direlako”. Testuinguru horretan, Derioko Udalaren lankidetza eta hirigintza-malgutasuna nabarmendu ditu —hamar urbanizazio-fase baino gehiagotan gauzatu da— eta bere figura funtsezkoa izan da eremuaren garapena bideratzeko. Cedrúnek nabarmendu duenez, “eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza horri esker, Aldekone erreferente gisa finkatu ahal izan da Euskadin etxebizitza babestuen garapenean”.

Etxebizitza eraginkorrak eta irisgarriak

Proiektua Aldekone Goikoa sektorean dago, eta sei solairuko bi eraikin ditu sestra gainean, baita aparkaleku eta trastelekuetarako soto-solairu komun bat ere. Eraikin bakoitza bide publikotik sarbidea duten bi ataritan antolatzen da. Etxebizitzek —logela bat eta bikoak— egongela-jangela izango dute, sukalde integratuarekin, bainugela osoarekin eta esekitokiarekin. Lehen solairuak eta atikoa terraza zabalak izango dituzte, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako lau etxebizitza aurreikusi dira teilatupeko solairuetan. Etxebizitza horiek alokairu eskuragarriko erregimenean eskainiko dira, merkatuaren azpitik dauden errentekin. Etxebizitza hauek alokairu eskuragarrian eskainiko dira, errenta mugatuak merkatutik behera dituztela. Orientazio gisa, alokairuaren batez besteko prezioa merkatu libreko alokairuaren prezioaren % 75 ingurukoa da Derioko udalerrian. 2022ko araudiaren arabera, etxebizitza beharra duten pertsonek eskuratu ahal izango dituzte etxebizitza horiek, baldin eta haien urteko diru-sarrera haztatuak 21.000 € eta 39.000 € artean badaude, gehi araudia argitaratu zenetik aintzat hartutako inflazioaren doikuntza, gutxienez etxebizitzen % 50 21.000 eta 30.000 € arteko diru-sarrera haztatuak dituzten pertsonentzat bideratuz. Derioko Udalak espazio bat prestatuko du 2026ko urtarrilean, etxebizitza horiek eskuratzeko interesa duten bizilagunei informazioa eta orientazioa emateko. Bestalde, Q-Living arduratuko da obra amaitutakoan eraikina esleitzeaz eta kudeatzeaz. Sustapena industrializazio-sistema partzial batekin gauzatzen ari da, eta A bikoitzeko energia ziurtagiria izango du, eraikuntzaren eraginkortasuna, energiaren aurrezpena eta ingurumen-jasangarritasuna bermatuta.  

Erlazionatutako albisteak

​​​Udalbatzak aho batez onartutako kontratu-aldaketak, alde batetik, eraiki beharreko etxebizitzen kopurua handitzea dakar, aurreikusitako 72 etxebizitzetatik 88 etxebizitzetara igaroz. Eta, bestetik, aldaketa horri esker babes publikoko etxebizitza horiek alokairu sozialeko […]

Bihartik aurrera, eta maiatzaren 7ra arte, modu digitalean parte hartu ahal izango da HAPOren webgunearen bidez (https://hapo-derio.eus). Epe horretan, Kultur Birikako atarian planari buruzko erakusketa bat bisitatu ahal izango da, […]

Scroll to Top
Skip to content